Mundu osoan milioika pertsonari eragiten dieten gaitz ohikoenetako bi dira migrainak eta zefaleak. Askotan sinonimo gisa erabiltzen diren arren, ezaugarri eta kausa desberdinak dituzten buruko min motak izendatzen dituzte. Idoia Gallastegi Fisioterapia eta Osteopatia Klinikan arazo horiei modu integralean heltzen diegu, gure pazienteen mina arintzen eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko.
Zer dira migrainak eta zefaleak?
- Zefalea buruko mina, oro har, izendatzeko termino medikoa da. Hainbat arrazoik eragin dezakete, hala nola giharretako tentsioak, arazo zerbikalek, estresak, hormona aldaketek edo lo faltak.
- Migraina, aldiz, zefalea mota espezifiko bat da, intentsitate handiagokoa eta, askotan, bestelako sintomekin batera agertzen dena, hala nola goragalea, gorakoa eta argiarekiko eta soinuarekiko sentikortasuna. Migrainek buruaren alde bakar bati eragiten diote, eta orduak eta egunak iraun dezakete.
Migrainen eta zefaleen jatorria
Gaitz horien kausak askotarikoak izan daitezke, eta modu eraginkorrean tratatu ahal izateko, garrantzitsua da ebaluazio egokia egitea. Hona hemen migrainak eta zefaleak izatea eragin dezaketen faktoreetako batzuk:
- Giharretako tentsioa: Lepoko, sorbaldetako eta bizkarreko giharren tentsioak buruko mina eragin dezake.
- Jarrera arazoak: Jarrera txarrean egoteak, bereziki ordenagailuaren aurrean lan egitean edo mugikorra erabiltzean, gainkarga eragin dezake lepaornoetan, eta mina eragin.
- Estresa eta antsietatea: Faktore emozional horiek nerbio-sistemari eragiten diote eta migrainen eta tentsio-zefaleen ohiko eragile izan daitezke.
- Faktore neurologikoak: Pertsona batzuek besteek baino joera handiagoa dute migrainak izateko, beren nerbio-sistemak estimulu jakinei erantzuteko duen moduagatik.
- Nahasmendu hormonalak: Aldaketa hormonalek, bereziki emakumeen kasuan, lotura izan dezakete migrainekin. Hilekoaren zikloan, haurdunaldian edo menopausia garaian izaten diren hormonen gorabeherek, esaterako, estrogenoarenek, migrainak eragin ditzakete; hilerokoaren zikloan gertatzen direnei hileroko migraina deritze.
- Masailezurreko arazoak edo bruxismoa: Hortzak estutzeko edo karraskatzeko ohiturak zefaleak eta aurpegiko mina eragin ditzake, bai eta gorabeherak hozkadan eta giharretan ere.
Fisioterapiaren, osteopatiaren eta akupunturaren bidezko tratamendua
Idoia Gallastegi Fisioterapia eta Osteopatia Klinikan jakin badakigu paziente bakoitza bakarra dela, eta migrainak eta zefaleak modu pertsonalizatuan tratatzen ditugu. Hona hemen nola lagun diezazuketen fisioterapiak, osteopatiak eta akupunturak mina arintzen:
- Eskuzko terapia
Fisioterapiak mobilizazio eta masaje teknikak erabiltzen ditu giharrak erlaxatzeko eta bizkarreko eta sorbaldetako tentsioa murrizteko. Minaren eragilea izan daitekeen nerbioen gaineko presioa arintzen lagun dezake horrek.
- Jarrera zuzentzea
Jarrera ebaluatzen eta zuzentzen badugu, zefalearen eragilea izan daitekeen giharretako tentsioa arindu dezakegu. Ariketa espezifikoen bidez, bezeroari gorputz-lerrokatzea hobetzen laguntzen diogu, bai eta lepoaren eta bizkarraren gaineko zama arintzen ere.
- Burezurreko osteopatia
Burezurreko osteopatia teknika leuna da. Burezurreko suturetan egiten da lan, nerbio-sistema erlaxatzeko eta odol-zirkulazioa hobetzeko. Teknika hau bereziki eraginkorra da migrainak eta zefaleak tratatzeko; izan ere, garezurreko eta ornoetako tentsioak arintzen ditu.
- Akupuntura
Akupuntura Txinako terapia tradizional bat da. Gorputzeko toki jakinetan orratz finak sartzean datza. Migrainak eta zefaleak tratatzeko, akupunturak energia-fluxua orekatzea du helburu, giharretako tentsioa arintzea eta odol-zirkulazioa hobetzea. Zenbait ikerketaren arabera, teknika honek migrainen maiztasuna eta intentsitatea murriztu ditzake, mina arintzen eta estresa kudeatzen laguntzen duten puntuetan eragiten baita.
- Bruxismoa tratatzea
Fisioterapiak, osteopatiak eta akupunturak masailezurreko, lepoko eta buruko tentsioa arintzen lagun diezaiekete bruxismoa duten pazienteei eta, hala, horrek eragindako zefaleen sintomak arintzen.
Ondorioa
Migrainak eta zefaleak fisioterapiaren, osteopatiaren eta akupunturaren bidez tratatzea irtenbide natural eta ez-inbaditzailea da, mina arintzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko. Idoia Gallastegi Klinikan arazoaren atzean dagoen kausari heltzen diogu, eta teknika pertsonalizatuak erabiltzen ditugu modu eraginkorrean eta iraunkorrean sendatzeko.
Migrainak edo zefaleak izaten badituzu eta analgesikoen ordezko tratamendu baten bila bazabiltza, jar zaitez gurekin harremanetan. Mina arintzen lagunduko dizugu.






